TURKISH AIRLINESEK EKA/ACUVeko BAZKIDE BAT KONPENTSATU DU TURISTA MAILAN BIRKOKATU IZANAGATIK

Turkish Airlines hegazkin-konpainiak konpentsazio bat eman dio Gasteizko EKA/ACUVeko bazkide bati, kontratatutako txartelaren eserlekua maila baxuagoan egokitzeagatik. Gure bazkidea Hego Sudanetik Madrilera zihoan, Panaman eskalan eginda. Bidaiariak lehen mailako txartela erosi zuen eskalaren helmugaraino. Hala ere, hegaldia bertan behera utzi zuen konpainiak, eta beste batean kokatzea erabaki zuen, baina turista-mailako eserleku batean egin zuen. Horregatik, hasieran ordaindutako txartelarekin alderatuta, zegokion kopurua erreklamatu zuen bidaiariak.

Elkarteak erreklamazioa bideratu zuen, eta behin kudeatuta, egun batzuk pasata bazkideari itzuli zioten erositako txartelaren prezioaren gainean araudiak ezarritako ehunekoa. Horrez gain, Turkisek 600 €ko kalte-ordaina eman behar izan zion bidaiariari, ibilbideko distantzia oinarri hartuta.

Txartelaren kategoria maila baxuago batera aldatzen den kasuetarako, 261/2004 (EK) araudiak konpentsazio jakin bat ezartzen du, ibilbideko distantziaren araberako portzentaje zehatzetatik abiatuta, beti ere erositako txartelaren kopuruarekiko.

Txartela beheko mailara aldatzeagatik distantzia bakoitzari dagokion ehunekoa

Europako araudiak airelineei eskatu beharreko ehuneko hauek zehazten ditu, horiek zazpi eguneko epean itzuli behar dituztelarik:

-Txartelaren kostuaren %30, 1.500 km-ra arteko hegaldietan.

-Txartelaren kostuaren %50, 1.500 km-tik 3.000 km-ra bitarteko hegaldietan.

-Txartelaren kostuaren %75, 3.000 km-tik gorako hegaldietarako.

Gogoan izan, konpainiak bidaiariari ordaindutakoa baino maila altuagoan egokituko balio, horrek ezin izango lukeela bidaiariari inolako kopururik eskatu.

Bestalde, bidaiariak hegaldia bertan behera uztea jasaten badu, atzerapen handia suertatzen bada (3 ordu baino gehiago helmugan) edota hegazkineratzea ukatzen badiote, bidaiariak 250 eta 600 € arteko kantitatea jasotzeko eskubidea du –egindako distantziaren arabera–.

Distantziagatiko kalte-ordainak

– 1.500 km-rainoko hegaldiak: 250 €.

– 1.500 km-tik 3.000 km-ra bitarteko hegaldiak: 400 €.

– 3.000 km-tik gorako hegaldiak: 600 €.

Oporraldi bakoitzaren ostean, bidaien sektorea da erreklamazio gehien pilatzen dituena, eta ez da gutxiago izan aurtengo lehen hilabetean zehar. Balorazio positibo gisa, azpimarratu behar da gehienak bideragarriak direla eta erreklamaziogileek dagozkien konpentsazioak jasotzen dituztela.

Erreklamazio horiek izapidetzeko orduan, erabiltzaileek airelinearen bulegoetan bertan aurkeztu ditzakete lehenik eta behin. Hilabeteko epean erantzunik jaso ezean, ASEAra (Aire Segurtasunerako Estatu Agentzia) jo ahal izango dute, aipatu araudia betetzen dela zaintzeko ardura duen agintaritzara alegia, edo bestela zuzenean jo EKA/ACUVera.

Utzi iruzkina