Gero eta kontsulta gehiago iristen dira EKA/ACUVera komeria berdinarekin: “Duela lau hilabete kotxea erosi nuen, urtebeteko bermea daukat eta kontzesionarioak higadura dela eta ez duela estaltzen esaten dit”. Frustrazioa ulergarria da. Baina gure buruari egin behar diogun galdera honako hau da: kotxeak arazo hau zeukan saldu didatenean, ala erabilerarekin hondatuz joan da? Erantzunak dena aldatzen du.
Urtebeteko bermea egon badago, baina muga argiak ditu
Bigarren eskuko kotxe bat erostea ez da, inondik inora, kotxe berri bat erostea. Agerikoa dirudien arren, gurera heltzen diren erreklamazio asko hau argi ez izateagatik sortu ohi dira. Ibilgailu erabiliak bere pieza guztietan aurreko jabearen kilometroen historia, erabilera-baldintzak eta mantentze-erabakiak daramatza. Eta jakina, legeak errealitate hau aintzat hartzen du.
Bigarren eskuko kotxe bat saltzaile profesional bati erosten diogunean —kontzesionario bati, erosketa-salmenta enpresa bati, dealer bati—, araudiak berme legal batekin babesten gaitu. Baina berme hau ez da edozein gauza estaltzen duen aseguru bat. Arazo mota oso zehatz baten aurrean babesten gaitu: betetasun-ezaren aurrean, hain zuzen. Hemen dago gatazka guztien muina.
Kontsumitzaileen eta Erabiltzaileen Defentsarako Lege Orokorra — 7/2021 Errege Lege-dekretua
Indarrean dagoen arauak bigarren eskuko ibilgailuen berme legala gutxienez urte batera murriztea baimentzen du (produktu berriei aplikatzen zaizkien hiru urteen aldean). Murrizketa hau berariaz adostu behar da, eta ia kontzesionario guztiek aplikatzen dute.
Garrantzitsuena honako hau da: saltzaileak entregatzeko unean jadanik zeuden akatsez bakarrik erantzuten du. Eta lehen urtean zehar, legeak aurreikusi dezake agertzen den betetasun-eza ordutik zetorrela — baina presuntzio hori ez da absolutua, eta higadura normala berariaz kanpo geratzen da. Arauak berak onartzen du bigarren eskuko ondasun bati ezin zaiola produktu berri baten baldintza berdinak exijitu.
Ezinbesteko ñabardura: higadura normal bat ez da akatsa, baina higadura goiztiarra bai izan daiteke
Hau da ia jasotzen ditugun erreklamazio guztien esparru garrantzitsuena. Berme legalak betetasun-eza estaltzen du: autoak hitzartutakoaren arabera behar bezala ez funtzionatzea, erosteko unean ikusten ez zen ezkutuko akats bat izatea edo kontratuan edo publizitatean deskribatutako ezaugarrietara egokitzen ez den zerbait izatea.
Hortaz, bermeak ez du estaltzen bizitza erabilgarri mugatua duten osagaien higadurako degradazio naturala. Enbrageak, balaztak, banaketa-uhala, motelgailuak, neumatikoak, bateria… berezko higadura duten piezak dira. Baina hemen dago jende askok —eta saltzaile batzuek— baztertzen duen ñabardura: pieza motak ez du dena zehazten. Bermea dagoen ala ez zehazten duena zergatik huts egin duen da.
Legeak arrazoizko iraunkortasunaz hitz egiten du: ondasun bat egokia da, bere denbora, kilometrajea eta saltzeko unean duen egoera kontuan hartuta harengandik espero daitekeena irauten badu. Kilometro gutxi dituen auto batean bi hilabetera hausten den enbragea erreklamagarria izan daiteke, enbragea «higadura-pieza» bat izan arren. Erabakigarria da hutsegite hau saldu zen ibilgailuaren baldintzei dagokienez goiztiarra edo anormala den ala ez jakitea. Hau da, hain zuzen, egin behar dugun galdera.
Zure lehen betebeharra: autoa berrikustea sinatu aurretik
Hauxe da artikulu osoko aholkurik garrantzitsuena. Bigarren eskuko ibilgailu baten salerosketa-kontraturik sinatu aurretik, eraman autoa konfiantzazko mekanikari batengana. Erosketa egin aurreko azterketa teknikoak 50 eta 80 euro arteko kostua izan dezake. Erreklamazio bat, aldiz, askoz gehiago.
Berrikuspen horrek funtsezko bi funtzio betetzen ditu. Lehenengoa begi-bistakoa da: arriskuan jarri aurretik, balizko arazoak detektatzea. Bigarrena ez da hain nabarmena, baina oso garrantzitsua da baita ere: erosi aurretik ibilgailuaren benetako egoera dokumentatzea.
Zerbait huts egiten badu: nola erreklamatu
Lehen hilabeteetan arazoren bat agertzen bada eta aurretik zegoen akats bat dela uste baduzu, legeak tresnak ematen dizkizu. Baina, era berean, garrantzitsua da erreklamatzeak zer dakarren ezagutzea, jende askok ez duelako kostu hau aurreikusten.
Matxura bat salmentaren aurretik ote zegoen argitzeko gatazka judizial batean, ia beti ezinbestekoa izaten da adituen txosten tekniko bat. Automozioan aditu batek egiaztatuko du lehendik dagoen akats baten edo erabilerak eragindako higaduraren ondorioa den. Txosten hori gabe, oso zaila da epailea konbentzitzea. Horrekin, emaitza aurreikus daiteke, baina kostua nabarmen igotzen da. Autoaren edo konponketaren balioa txikia bada, erreklamazioaren kostuak berreskuratuko duzuna baino handiagoak izan daitezke. Ez da arrazoi bat ez erreklamatzeko, baina bai erabaki informatuak hartzeko. EKA/ACUVen zure kasuaren bideragarritasuna baloratzen lagun diezazukegu.
Hirugarrenekiko aseguruaren tranpa: saltzaileak eskuak garbitzen dituenean
Gero eta maizago ikusten ari gara EKA/ACUVi bereziki kezkatzen digun praktika bat: bigarren eskuko ibilgailuen salerosketa-enpresak, sinatzeko unean, berme-kontratu bat aurkezten dizute kanpoko aseguru-etxe batekin, salerosketatik kanpo dagoena.
Transmititzen duten mezua honako hau da: “Edozein arazo izanez gero, telefono honi deitzen diozu eta haiekin kudeatzen duzu”. Erosoa dirudi, baina praktikan, normalean gertatzen dena honako hau da:
Nola desbideratzen dute haien erantzukizuna praktikan
Kontsumitzaileak akats bat antzeman eta saltzaileari erreklamatzen dio.
Saltzaileak honako hau erantzuten du: “Tramita ezazu berme-enpresarekin”.
Kanpoko enpresak bere araudia aplikatzen du: estalitako piezen zerrenda itxiak, higadura-piezak baztertzea, frankiziak, muga ekonomikoak eta tailer zehatzak erabiltzeko betebeharra.
Emaitza: atzerapenak, ukapenak eta nori erreklamatu ez dakien kontsumitzaile bat.
Berme legala vs. merkataritza-bermea
Kontsumitzaile eta Erabiltzaileen Legearen 126. artikuluak bi gauza bereizten ditu: lege-bermea, saltzaileak legez eskaini behar duena eta baztertu edo ordezkatu ezin dena, eta merkataritza-berme gehigarriak, borondatezko produktuak direnak. Aseguru-etxe bateko asegurua osagarria izan daiteke, baina inoiz ez ordezkoa. Merkataritza-berme horrek aplikatzen dituen murrizketek — bazterketak, frankiziak, tailer zehatzak — ezin dituzte murriztu saltzailearen aurrean dituzun legezko eskubideak.
Ohiko beste arazo bat da merkataritza-bermea berme erabilgarri bakarra izango balitz bezala aurkezten zaiola kontsumitzaileari, baita «nahitaezko» gisa ere, salbuespenak eta legezko bermearekiko aldea azaldu gabe. Hori praktika engainagarria izan daiteke. Hortaz, eskatu beti idatziz azal diezazutela zer estaltzen duen berme bakoitzak, nork erantzuten duen eta zein den prozedura. Eta arazoren bat agertzen bada, zuzenean erreklamatu saltzaileari.
Bermeak sinatu zenuen unean txarto zegoen horren aurka babesten zaitu. Ez denborarekin hondatuko denaren aurka. Desberdintasun hori erosi aurretik jakiteak edozein bermek baino balio handiagoa du.
Laburbilduz: zeure buruari egin beharreko hiru galdera
Erosi aurretik, galdera bat bakarrik egin zure buruari: eraman al duzu autoa konfiantzazko mekanikari batengana? Ez “onartzeko”, baizik eta benetan zer erosten ari zaren jakiteko. Horrelako erosketa batean egin dezakezun inbertsiorik errentagarriena da, eta, gainera, ibilgailuaren egoera dokumentatuta uzten duzu, aurrerago erreklamatu behar izatekotan.
Sinatzean, irakurri kontratua lasai-lasai. Egiaztatu deskribatutako egoera benetakoa dela eta eskaintzen dizuten bermea legezkoa dela zuzenean saltzailearen aurrean. Erreklamazioa egiteko bide bakar gisa kanpoko aseguru-etxe batera bideratzen bazaituzte, galdetu berariaz ea horrek legezko bermea ordezkaten edo osatzen duen.
Eta arazoren bat agertzen bada, kontzesionariari erreklamatzeko deitu aurretik, egin ezazu galdera hau zure buruari: akats hau egon bazegoen kontxea erosi nuenean, edo erabilerarekin apurtzen joan den zerbait al da? Erantzuna ez da beti erosoa, baina erabat zehazten du erreklamatzeko eskubidea duzun ala ez.
Ba al duzu arazorik bigarren eskuko kotxe batekin?
EKA/ACUVen zure egoera berrikusten dugu eta erreklamatzeko arrazoirik dagoen ala ez baloratzen dugu. Galdetu iezaguzu.
Kontsultatu konpromisorik gabe
