EKA/ACUVEK SALAKETA JARRI DU YELMO FILMSEN AURKA

Elkarteak antzeman duenez, Yelmo zinemak berriki hasi dira debekatzen aretoetan beren establezimenduetatik kanpo erositako elikagai eta edariak sartzea, eta informazio-kartelak jarri dituzte, honako hau adieraziz:

“Konpainiak ez du bere instalazioetan YELMOtik kanpo erositako elikagai edota edaririk sartzen uzten, sarrera-eskubidea erreserbatuz”.

Gure ustetan, konpainiaren aretoetako sarreran inposatutako abusuzko fenomenoa da honakoa. Neurria joan den asteburuan sartu zen indarrean Bizkaiko Megapark eta Artea zinema-aretoetan, eta Gasteizko Boulevard zinemetan astelehen honetan, -hilak 9-.

Argudiaketa

Araudiari dagokionez, 6/2003 Legearen 50.3.a), 50.4.e) eta 50.6 artikuluak urratu direla iritzi dugu, bai eta Kontratazioaren Baldintza Orokorrei buruzko apirilaren 13ko 7/1998 Legearen 1., 2., 5. eta 12. artikuluak bere Lehenengo Xedapen Gehigarrian, azaroaren 16ko 1/2007 Legegintza-Errege Dekretuaren 62., 82., 85.3, 86.7 eta 89.4 artikuluak ere (1/2007 Legegintza-Errege Dekretua, Kontsumitzaileen eta Erabiltzaileen Defentsarako Lege Orokorraren testu birmoldatua onartzen duena), eta beste lege osagarri batzuk.

Salatutako establezimenduak otsailaren 5eko 17/2019 Dekretuaren 51.3 artikuluan oinarritzen du bere muga (17/2019 Dekretua, Euskal Autonomia Erkidegoan Jendaurreko Ikuskizunak eta Jolas Jarduerak onartzeko eskubidea erregulatzen duen araua ezartzen duena).

Yelmok artikulu horri buruz egiten duen interpretazioa interesatua eta okerra da; izan ere, ez du debekatzen modu orokortuan zinema-aretoetara janari eta edariarekin sartzea; aitzitik, kontsumitzailea behartzen du gastua bere instalazioetan egitera.

Begi bistakoa da kontsumitzaileek aukeratzeko duten gaitasuna arbitrarioki murrizten dela, eta filmak erakusteari buruzko zerbitzu nagusia eskuratzeko erabakia aurrez eskatu ez diren prestazio osagarrien arabera mugatzen dela.

Aipatutako 51.3 artikuluaren arabera, jana edo edaria duten aretoetarako sarbidea globalki baimendu edo mugatu daiteke, instalazioen barruan erostearen menpe egon gabe.

Horrela, zeharka, jan edo edan nahi duen kontsumitzaileari gastua enpresan bertan egitera behartzen zaio, jarduera berez aretoan baimenduta egonik (eta hasiera batean eskatu ez den zerbitzu osagarria izanda). Horrek, gainera, kalte handia eragiten du fede onaren eta lehia askearen arauei eraginez.

Zinema-aretoaren kanpoaldean eskuratutako elikagai eta edariak sartzea debekatzen duen praktika, produktu berberak barnean erosten direnean kontsumitzea baimenduta egonik, legez kanpokoa da eta abusuzkoa gainera, KEDELOTBren 82., 85.3, 86.7 eta 89.4 artikuluetan xedatutakoaren arabera.

Arau-hausteak larritzat kalifikatu behar dira, hauxe gainera orokorra izanik, eragiten dien pertsona-kopurua aintzat hartuta. Beraz, 150.000 €arteko zehapena jartzeko eskakizuna egin dugu.

Eskatu erreklamazio-orria

Egun hauetan zinemara joaten diren eta kanpoan erositako produktuekin sartzea eragozten dieten pertsona guztiei gonbitea luzatzen diegu erreklamazio-orria eskatu eta Kontsumobiden aurkeztera, gertatutakoa jasota gera dadin.

Utzi iruzkina