Gaur, martxoak 8, EKA/ACUVen, Emakumearen Nazioarteko Egunaren aldarrikapenarekin bat egiteaz gain, kontsumoak genero-desberdintasunak erreproduzitzen jarraitzen duela adierazi nahi dugu. Izan ere, 2025ean, emakumeek oinarrizko produktuengatik gehiago ordaintzen jarraitzen dute, marketin-estrategia sexisten biktima izateko arrisku handiagoa dute eta independentzia ekonomikoa mugatzen duen lan-merkatuari aurre egiten jarraitzen dute.
Honegatik guztiagatik, gaur, emakume izatearen prezioaz hitz egin nahi dugu.
1. “Zerga arrosa”: gehiago ordaindu produktu berdinagatik
Datuek argi hitz egiten dute. Egin berri diren azterlanen arabera, emakumeei berariaz zuzendutako produktuek gizonentzat diseinatutakoek baino %24 gehiago balio dezakete, antzeko funtzioak bete arren.
“Zerga arrosa” deituriko fenomenoak emakumeen egunerokotasuna garestitzen jarraitzen du, benetako justifikaziorik gabe.
2. Soldata-arrakala: diru-sarrera gutxiago, autonomia gutxiago
Kontsumoan dagoen desberdintasuna, gastuaren ikuspegitik ez ezik, diru-sarreren ikuspegitik ere aztertu behar da. Izan ere, Euskadin, 2025ean, soldata-arrakala %20koa izaten jarraitzen du, eta botere-posizioak eskuratzea oraindik mugatua dago emakume askorentzat.
Honek, erosteko ahalmenean eragiteaz gain, ahultasun ekonomiko handiagoaren eraginpean ere jartzen ditu, eta eragin zuzena du emakumeek dituzten kontsumo-erabakietan.
3. Kontsumoa eta zaintza: emakumeek sistemari eusten diote
Gogoratu behar dugu, joera aldatzen ari den arren, emakumeek oraindik ere antolatzen eta kudeatzen dutela gehienbat etxeetako kontsumoa. Ildo honetan, etxe batean kontsumo erabakien %75 emakumeen esku daudela kalkulatzen da, eguneroko kontsumoaren motorra bihurtuz.
Hala ere, erantzukizun honek zama ikusezin bat ere badakar, emakumeak arduratzen baitira, batez ere, familiaren ongizateaz, funtsezko produktuen horniduraz eta etxeko ekonomiaz.
4. Publizitate sexista: desberdintasuna saltzen jarraitzen duten estereotipoak
Txikitatik, edertasun normatiboko mezuekin, genero-rolekin eta irudiari lotutako kontsumoarekin bonbardatzen dituzte emakumeak.
Aurrerapausoak egon diren arren, marketin-estrategiek emakumeak bigarren mailako roletan biltzen dituzten estereotipoak indartzen jarraitzen dute gaur egun. Horregatik, 2025ean, kontsumoa beste ahalduntze-tresna bat izan beharko litzateke, ez desberdintasunak betikotzeko beste tresna bat.
Kontsumo feministago baterantz
Gauzak aldatzen ari dira, bai. Emakumeak gero eta aktiboagoak dira kontsumitzaile gisa dituzten eskubideen aldarrikapenean, eta kontsumo-eredu bidezkoagoak bultzatzen ari dira.
Ekonomia zirkularraren alde egiten duten ekimenetatik hasi eta publizitatean gardentasun handiagoa eskatzen duten mugimenduetaraino, aldaketa abian da. Baina oraindik bide luzea dago egiteko.
Horregatik, EKA/ACUVetik, gaur (eta beti), kontsumoaren aldeko borroka feministarekiko konpromisoa berresten dugu. Ez da nahikoa desberdintasunak salatzea, benetako aldaketak eskatu behar dira. Horregatik, lanean jarraituko dugu merkatua guztiontzako gune eroso eta segurua izan dadin bermatzeko.
Berdintasuna kontsumoaren bidez ere eraikitzen delako.
Eta biharko kontsumoa feminista izango da, edo ez da izango.