Larunbat honetan, apirilaren 18an, hitzordu berezia dugu. Milaka realzale mugituko dira Sevillara, 38 urteren buruan zaleekin Errege Kopako final bat bizitzeko. Eta honelako edozein bidaia edo kirol-ekitaldik bezala, La Cartujara joatea kontsumo-ekintza bat ere bada. Hortaz, merezi du ondo prestatzea.
Errege Kopako final bat ez da soilik futbol-partida bat. Mugitzea ere bada, hotel-erreserba bat, erositako sarrera bat, Sevillan afari bat eta, kasu askotan, espero bezala ateratzen ez den esperientzia bat. EKA/ACUVen hori ondo dakigu, honelako ekitaldi bat dagoen bakoitzean kontsumoarekin lotutako arazoak ugaritzen direlako.
Horregatik, ahalik eta errazen jarri nahi dizugu: hurrengo artikuluan zenbait jarraibide ematen dizkizugu Sevillara gozatzera joan eta zerbait gaizki ateratzen bada zer egin jakiteko.
Finala gozatzea eta zure eskubideak ezagutzea bateraezinak ez dira. Alderantziz.
Sarrerak: lehen borroka
Honelako ekitaldietan, sarreren eskariak, ezinbestean, prezio ofizialak baino askoz ere altuagoak dira birsalmenta-merkatuan.
Hala ere, kanal ez-ofizial baten bidez sarrera bat erosi baduzu eta estadioan arazoren bat izaten baduzu, gorde erosketa-egiaztagiri guztiak eta aurkeztu erreklamazio formala plataformaren edo saltzailearen aurrean. Erosketa txartelarekin egin bazen, kargu-itzulketa prozesua hasi dezakezu zure bankuarekin zenbatekoa berreskuratzeko. EKA/ACUVetik urrats bakoitzean aholkatu zaitzakegu.
Bidaia: prezio puztuak eta iraungitzen ez diren eskubideak
Honelako kirol-ekitaldietarako bidaiek kontsumoarekin lotutako ohiko gehiegikeriak biltzen dituzte: hegaldi edo trenen prezio puztuak, ohiko tarifarekin alderatuta hainbat aldiz biderkatu diren ostatuen prezioak — Sevillako hiru izarreko hoteletan asteburu honetan 400-500 euro gaueko iritsi dira — eta, kasu batzuetan, kontratatutakoarekin bat ez datozen zerbitzuak.
Ostatuaren kasuan, hotelera edo apartamentura iristean kontratatutakoarekin bat ez datorren zerbait identikfikatzen baduzu, jardun berehala: argazkiak atera, jakinarazi establezimenduri edo plataformari idatziz eta eskatu erreklamazio-orria. Ez itxaron etxera itzultzera.
Sevillan: araua berdina da edozein hiritan
Kirol-ekitaldietan zaleen kontzentrazio-eremuak, zoritxarrez, gainprezioen eta jakinarazi gabeko karguen lur emankorra izaten dira. Edariak prezio oso puztuetan, iragarri gabeko gutxieneko kontsumizioak edo inork aipatu gabeko zerbitzu-karguak.
Araua argia da eta Sevillan aplikatzen da Donostian edo Gipuzkoako edozein herritan bezala: kartan agertzen dena edo aurrez jakinarazi dena baino ezin da kobratu. Ezagutzen ez dituzun karguak dituen kontu bat jasotzen baduzu, eskatu erreklamazio-orria eta gorde beti tiketa. Hori gabe, ez dago erreklamaziorik posible.
Eta partidua Gipuzkoan ikusten baduzu?
Ez dago Sevillara joan beharrik finala topera bizitzeko. Tabernek, txokoek, pantaila erraldoiek eta horretarako prestatutako lokalek milaka pertsona hartuko dituzte Gipuzkoa osoan. Eta kontsumitzaileen eskubideak hemen ere aplikatzen dira.
Partidua pantailan eskaintzen duen edozein establezimenduk edukierari, segurtasunari eta zerbitzu-baldintzei buruzko araudia bete beharko du nahitaez. Sarrera edo gutxieneko kontsumoa kobratzen badute, argi eta garbi jakinarazi behar dute sartu aurretik. Egiten ez badute, erreklamatzeko eskubidea duzu.
Gorde kontsumitzen duzunaren tiketa, eta kontuarekin bat ez badator, ez izan zalantzarik eta erreklamazio-orria eskatu. Unean bertan dokumentatzea da beti defentsarik onena.
Final historiko batek gorabehera gabeko esperientzia bat merezi du
38 urte igaro dira Errealak bere jendearekin Errege Kopako final bat gozatu zuenetik. Momentu honek merezi du kontsumoarekin lotutako arazo batek hondatu gabe bizitzea.
Hortaz, EKA/ACUVetik, realzale bakoitzak, La Cartujako harmailetan edo Gipuzkoan egon, garrantzitsuenean zentra daitezela nahi dugu: partiduan. Zure eskubideak ezagutzeak ez dio emoziorik kentzen finalari. Alderantziz, lasaitasun handiagoarekin bizitzeko aukera ematen dizu.
Arazoren bat izan duzu finalean edo bidaian zehar?
Jarri harremanetan EKA/ACUVeko talde juridikoarekin eta bermeekin erreklamatzen lagunduko dizugu.
Jarri harremanetan
