Asteazken honetan, maiatzaren 21an, Europako futbolaren hiria izango da Bilbo: Manchester United eta Tottenham Hotspur taldeen arteko UEFA Europa Leagueko finala bertan jokatuko da. Nazioarteko proiekzio handiko ekitaldia, hiriak asko espero duena… baina baita askok negozioa egiteko aprobetxatzen duten aukera ere.
Izan ere, azken egunotan, ostatu turistikoetan, ostalaritzan eta bestelako zerbitzuetan prezioek nabarmen gora egin dutela ikusi dugu. 1.000€ baino gehiagoko hotelak gau baterako, menu itxiak errekarguarekin, tarifa bikoiztuak alokatzeko plataformetan… Eta badira ia ezinbestean sortzen zaizkigun galderak: Legezkoa al da prezioak horrela igotzea? Non dago kontsumitzaileen babesa?
Egun hauetako eguneroko elkarrizketan dauden gaiak direla ikusita, EKA/ACUVetik aprobetxatu nahi dugu informazio erabilgarria emateko zentzu horretan, eta, era berean, proiektatu nahi dugun hiri eta gizarte ereduari buruzko hausnarketa kolektiboa zabaltzeko.
Legezkoa al da ekitaldi berezietan prezioak igotzea?
Bai. Oro har, ez dago lege-muga espezifikorik establezimenduek beren prezioak eskaintzaren eta eskariaren arabera libreki doitzea eragozteko, baita data seinalatuetan edo ekitaldi handietan ere. Merkatu libreko ekonomia deeritzogunaren barnean sartzen da.
Hala ere, legezkoa ez dena engainatzea, informazioa ezkutatzea edo abusuzko baldintzak aplikatzea da. Prezioa igotzea gauza bat da; baina abisatu gabe edo iragarritakoa errespetatu gabe soberan kobratzea oso bestelakoa da.
Zer muga ditu igoera honek?
Muga nagusiak, lehen esan bezala, informazioan eta gardentasunean daude. Alde horretatik, prezio orok izan behar du:
- Agerikoa eta argia kontratatu edo kontsumitu aurretik: bezeroak azken prezioa ezagutu behar du zerbitzua edo produktua onartu aurretik.
- Errespetatua, behin onartu izan bada: ezin da martxa aldatu edo zerbitzua eman ondoren.
- Ezkutuko kargurik gabe: gehigarri guztiak aldez aurretik informatu behar dira.
Gainera, gogoratu araututako zerbitzuen kasuan — hala nola garraio publikoa, taxiak edo tarifa estandarrak dituzten plataformek kudeatutako zerbitzuak — tarifa ofizialak edo aldez aurretik iragarritakoak errespetatu behar direla. Iragarri gabeko edozein errekargu gehigarri legez kanpokotzat jo daiteke.
Zer egin dezaket engainatua edo iruzurtua sentitzen banaiz?
EKA/ACUVetik beti esaten dizugun bezala, erreklamatu. Gogoratu, kontsumitzaile zaren aldetik, errespetatu beharreko eskubideak dituzula. Establezimendu batek iragarritakoa baino prezio handiagoa kobratu dizula, gehigarrien berri argi eman ez duela edo azken unean prezioa aldatu duela uste baduzu, erreklamazio-orria eska dezakezu. Gainera, gogoratu beti gorde behar duzula ordainagiria: froga hau funtsezkoa izango da erreklamatzeko urratsa ematea erabakitzen baduzu.
EKA/ACUVen, zure kasua baloratzen lagundu ahal dizugu erreklamazio-prozesu osoan zure alboan egonda.
Zer hiri- eta gizarte-eredu nahi dugu?
EKA/ACUVetik uste dugu datorren asteazkenekoa bezalako final batek ez duela inoiz abusuaren sinonimo izan behar. Ekitaldiaren tamainak ezin du justifikatu bisitariei eta egoiliarrei kalte egiten dien espekulazio-praktikarik. Izan ere, Bilbon eta inguruetan bizi direnek bertan ere kontsumituko dute… eta horrek ere eragina izan dezake.
Horregatik, Euskal Kontsumitzaileen Alkartetik erantzukizun kolektiborako deia egin nahi dugu: Europa League-a festa bat izatea, ez aitzakia bat. Kontsumitzaileak errespetatzen dituen hiri batek duintasuna, konpromisoa eta balio partekatuak proiektatzen dituelako.