Hipoteka-gastuen interes legalak: bankuek beti aitortzen ez duten eskubidea
Hipoteka-gastuen interes legalak: bankuek beti aitortzen ez duten eskubidea
Hipoteka-gastuen istorioak ez du etenik. Izan ere, EKAtik kontatu dizugun bezala, azken urteotan kontsumitzaileek hipotekak eratzeko gastuen zati bat berreskuratzea lortu dute, mailegu-hartzaileak gastu horiek guztiak beren gain hartzera behartzen zituzten klausulak abusuzkotzat jo dituzten hainbat epairi esker.
Hala ere, elkartetik identifikatu dugu hipoteka-gastuen erreklamazioari buruzko gai garrantzitsu bat oraindik ez dela ondo ezagutzen: interes legalak erreklamatzeko eskubidea dugula.
Zer erreklamatu daiteke eta zergatik
Hipoteka-gastuengatiko erreklamazioez ari garenean, batez ere jabetza-erregistro, gestoria, tasazio eta notario-gastuen % 50aren kontzeptuan ordaindutakoa itzultzeaz ari gara. Itzulketa horiek Auzitegi Gorenaren eta Europar Batasuneko Justizia Auzitegiaren epaietan oinarritzen dira, eta baliogabetzat jo ziztuzten gastu horiek kontsumitzaileei osorik kargatzen zizkieten klausulak.
Hala ere, zenbateko horiek itzultzeaz gain, eragindako pertsonek eskubidea dute sortutako interes legalak erreklamatzeko gastu horiek ordaindu zituztenetik. Izan ere, EKAk jakin ahal izan duenez, hainbat finantza-erakunde hasierako hipoteka-gastuak soilik itzultzen ari dira, urte hauetan guztietan sortutako interesak ordaindu gabe. Horrek galera nabarmena dakar kaltetuentzat, interes legalak zenbateko handia izan baitaitezke, batez ere mailegua sinatu zenetik urte asko igaro badira.
Zer eskubide dute kontsumitzaileek?
Kode Zibilak 1108. artikuluan ezartzen duenez, bidegabe ordaindutako zenbatekoak erreklamatuz gero, eragindako pertsonek eskubidea dute, dirua itzultzeaz gain, interes legalak jasotzeko, bidegabeko ordainketa egin zen egunetik aurrera.
Hortaz, 2001ean hipoteka bat sinatu eta hipoteka-gastuen kontzeptuan 2.000 euro ordaindu bazenituen, gaur egun 2.000 euro horiek itzultzeko eskubidea izateaz gain, 20 urte baino gehiagoan metatutako interes legalak jasotzeko eskubidea izango zenuke. Une bakoitzeko interes-tasaren arabera, zenbateko gehigarri handia izan daiteke.
Imajina dezagun Martaren kasua, 150.000 euroko mailegu baten hipoteka sinatu baitzuen 2001ean. Martak 1.000 euro ordaindu zituen guztira notariotza, erregistro eta gestoriako gastuetan. Orain, 2024an, Martak gastu horiek erreklamatzen ditu eta bankuak itzuli egiten dizkio. Baina 2001az geroztik sortutako interes legalak ordaintzen ez badituzte, bankuak 600€ gehigarri inguru kenduko lituzke urte horietan metatutako interesetan.
Zer egin bankuak interesak ordaintzen ez baditu?
Hipoteka-gastuak erreklamatu badituzu eta bankuak ez badizkizu dagozkion interes legalak ordaindu, honako urrats hauek eman beharko dituzu:
1- Dokumentazioa bildu
Hipoteka-gastuekin lotutako faktura guztiak eta bankuaren erantzunak gorde.
2- Kontsumitzaileen elkarte batekin edo abokatu espezializatu batekin kontsulta egin
EKAko talde juridikoak aholku eman diezazuke zor zaizkizun interesak erreklamatzeko moduari buruz.
3- Erreklamazio formal bat aurkeztu
Bankuak ezezkoa ematen badu, auzitegietara jo dezakezu, jurisprudentzia zure alde baitago.
Funtsezkoa da kontsumitzaileek hipoteka-gastuen erreklamazioari dagokionez dituzten eskubide guztiak ezagutzea, eta interes legalak erreklamazio horren zati garrantzitsu bat dira. EKAn, bitartean, lanean jarraituko dugu finantza-erakundeek legeak errespeta ditzaten eta kontsumitzaileei legez dagokien guztia itzul dezaten.