Inauteriak eta bere tranpak: jai hauetan saihestu ditzakezun 5 engainu arruntenak

Ots 24, 2025 | Aisia, Blog - EU

Inauteriak mozorro, desfile, festa eta, batez ere, ospakizunaren sinonimo dira. Nahiz eta zenbait auzo eta herritan joan den asteburuan ospatu den, herri gehienek jai hauek datozen egunetan biziko dituzte, eta leku batzuetan hurrengo asteburura arte luzatuko dira.

Hala ere, beste data askotan gertatzen den bezala, garai honetan ere kontsumitzaileak zenbait tranpatan eror daitezke. EKA/ACUVetik inauteriez gozatzen lagundu nahi dizugu, alferrikako sustorik izan gabe, bost engainu ohikoenak zeintzuk diren eta horiek nola saihestu ditzakezun erakutsiz.

1. Kalitate txikiko mozorroak prezio oso altuan

Mozorro perfektua amesgaizto bihur daiteke paketea irekitzean online dendako argazkiaren antzik ez duela konturatzen zarenean. Gainera, kalitate txarreko mozorroak arriskutsuak izan daitezke segurtasunerako, bereziki haurren kasuan.

  • EKAholkua: Ahal den kasu guztietan, berrikusi produktua. Online erosten baduzu, ziurtatu konfiantzazko webguneetan egiten duzula eta egiaztatu itzulketa-politikak. Gogoratu, nahiz eta sasoiko produktua izan, erreklamazio-eskubide berberak dituzula.

2. Sarrera faltsuak edo ezeztatutako jarduerak

Inauteriek hainbat ekitaldi ekartzen dituzte, hala nola desfileak, kalejirak edo jai pribatuak. Hala ere, sarrera faltsuak birsaltzea edo itzulketarik gabeko jarduerak baliogabetzea dirudiena baino ohikoagoa da.

  • EKAholkua: Sarrera behar duen edozein ekitalditara joango bazara, erosi beti saltoki ofizialetan. Arazoren bat sortzen bada, gorde dokumentazio guztia (sarrerak, mezu elektronikoak, ordainagiriak), beharrezkoa bada erreklamatu ahal izateko.

3. Ostalaritzako eskaintza engainagarriak

“2×1 edaritan”, “Sarrera doan gauerdira arte”… Taberna eta diskotekatan, eskaintza asko bezeroak erakartzeko amua izan daitezke. Ez da arraroa iragarri gabeko baldintzekin edo lokalaren kanpoaldean erakusten zirenez bestelako prezioekin topo egitea.

  • EKAholkua: Ahal den heinean, galdetu kontsumitu aurretik. Desadostasunik izanez gero, gogoratu erreklamazio-orria eska dezakezula. Gogoratu prezioek beti agerian egon behar dutela eta argiak izan behar dutela.

4. Garraio-zerbitzuak eskariaren arabera

Inauterietan, ohikoa da taxiak edo VTC bezalako garraio-zerbitzuetara jotzea. Hala ere, batzuek gehiegizko tarifak aplikatzeko edo behar baino ibilbide luzeagoak egiteko aprobetxatzen dute eskari handiko une hauek.

  • EKAholkua: Eskatu gutxi gorabeherako prezio bat ibilbidea hasi aurretik eta erabili prezioa aldez aurretik ezagutzeko aukera emango dizuten aplikazioak. Bidegabeko kobrantza antzematen baduzu, ez izan zalantzarik eta erreklamatu.

5. Aldi baterako saltokietako “gutxieneko gastuaren” trikimailua

Hirietako toki askotan sortzen dira inauterietako artikuluak saltzen dituzten denda iragankorrak, eta horietako batzuek txartelarekin ordaintzeko “gutxieneko gastua” ezartzen dute. Hori legezkoa bada ere, argi eta garbi eman behar dizute informazioa erosketa egin aurretik, adibidez, establezimenduan kartel bat jarrita. Gainera, gogoratu kontsumitzaile zaren aldetik eskudirutan ordaintzeko eskubidea duzula, salbuespenezko egoeretan izan ezik (adibidez, online erosketa bat egiterakoan edo segurtasun arrazoiengatik dirurik ez duten saltoki batean erostean).

  • EKAholkua: Ustekabeko ordainketa-murrizketarik aurkitzen baduzu, galdetu erosi aurretik eta baloratu produktua baldintza horietan erosteak konpentsatzen ote dizun. Bestalde, ezustekoak saihestea nahiago baduzu, eraman beti eskudirua zurekin, batez ere aldi baterako dendetan edo denda txikietan.

Inauteriak ondo pasatzeko aukera paregabea dira, baina erne ibili behar dugu. EKA/ACUVetik jai hauek arduraz bizitzera animatzen zaitugu eta, batez ere, kontsumitzaile gisa dituzun eskubideak ezagutuz. Horrelako egoeraren bat aurkitzen baduzu edo kontsumoari buruzko zalantzak badituzu, jarri harremanetan gure taldearekin!

Partekatzea bizitzea da