Gaur, ekainak 5, Ingurumenaren Nazioarteko Eguna ospatzen dugu. EKA/ACUVen iritziz, data hau beti da aproposa gure kontsumo-ereduaren eta planetaren osasunaren arteko harremanari buruz hausnartzeko. Izan ere, erosketa bakoitzaren atzean ingurumenaren kontrako inpaktu bat dago, askotan oharkabean pasatzen dena.
Horregatik, gaur egun inoiz baino gehiago, premiazkoa da gure eguneroko ohiturak sakonki aldatzea. Izan ere, ba al zenekien, adibidez, Europako aztarna ekologikoaren %80-a gure bizimoduari zuzenean lotuta dagoela? Garraioaz, elikaduraz, energiaz… ari gara, eta baita egunero erosten, erabiltzen eta botatzen dugun guztiaz ere.
Zer zerikusi du kontsumoak ingurumenarekin?
Egia esan, dena. Baliabide naturalen gehiegizko kontsumoak, birziklagarriak ez diren materialen erabilerak, iraunkortasun-irizpiderik gabeko eskala handiko ekoizpenak eta erabiltzeko eta botatzeko kulturak gaur egun murgilduta gauden krisi klimatikoa larriagotzen duten hondakin eta emisio tonak sortzen dituzte.
Eurostat-en datuen arabera, Estatuko pertsona bakoitzak, batez beste, 430 kilo hiri-hondakin baino gehiago sortzen ditu urtean. Hauetatik, %38-a baino ez dira birziklatzen. Gainera, produktu teknologikoei dagokienez, kopurua are kezkagarriagoa da: 2022an 50 milioi tona hondakin elektroniko baino gehiago sortu ziren mundu mailan.
Zer erronka ditugu aurretik gizarte kontsumitzaile gisa?
Lehenengoa, zalantzarik gabe, kontsumo kontzienteago eta arduratsuago baterantz aurrera egitea da. Produktu iraunkorren aldeko apustua egitea, ordezkatu baino lehen konpontzea, erosten dugunaren jatorriari buruzko informazioa jasotzea eta beharrezkoa ez den kontsumoa murriztea.
Informazio argia izateko eskubidea ere bermatu behar dugu, publizitate engainagarririk eta greenwhashing-ik gabe.
Gainera, araudi anbiziotsuagoa premiazkoa da, zaharkitze programatua geldiarazteko, berrerabilpena sustatzeko eta ingurunearentzat kaltegarriak diren enpresa-praktikak zigortzeko.
Gure konpromisoa
EKA/ACUVen egunero lan egiten dugu herritarren kontsumo-erabakiek ingurumen-ikuspegia ere izan dezaten. Kontsumitzaileen eskubideak errespetatzeko informatzean, aholkatzean eta exijitzan datza gure lana.
Modu arduratsuan kontsumitzea ez baita keinu indibidual bat bakarrik: sistema eraldatzeko tresna kolektiboa da. Erosten dugunon eskubideak defendatzea bizi garen planeta defendatzea ere badela ulertzen dugulako.