Pandemiatik ebazteke dauden erreklamazioak? Kontuz, preskripzio-epea gertu egon daiteke!

Urt 30, 2025 | Blog - EU

2020ko pandemiak gure bizitzak errotik aldatu zituen, mundua eta gure egunerokotasuna guztiz geldiaraziz. Hilabete haietan, kontsumitzaile askok ustekabe askori aurre egin behar izan zieten: bertan behera utzitako hegaldiak, inoiz iritsi ez ziren produktuak, eskaini ez ziren zerbitzuak…

Orain, bost urte geroago, EKA/ACUVetik gogorarazi nahi dugu egiteke dauden erreklamazio horietako asko preskribatzeko zorian egon daitezkeela. Izan ere, indarrean dagoen araudiaren arabera, kontsumoarekin lotutako erreklamazioen preskripzio-epeak bost urtekoak izaten dira, eta horrek esan nahi du, jarduteko denbora agortzear egon daitekeela.

Zer da preskripzioa?

Preskripzioak, zehazki, erreklamatzeko eskubidea galtzea dakar, legeak ezarritako denbora igaro delako, besterik gabe. Garrantzitsua da argitzea bost urteko epe hau ez dela pandemiaren hasieratik kalkulatzen, baizik eta gatazka sortu zuen zerbitzuaren ez-betetzea edo produktuaren ez-entrega gertatu zenetik.

Adibidez:

  • Zure hegaldia 2020ko apirilean bertan behera geratu bazen eta airelineak jakinarazpena data horretan bidali bazizun, preskripzio-epea jakinarazpena jaso zenuen egunetik aurrera hasten da kontatzen.
  • 2020ko ekainean online produktu bat erosi bazenuen eta enpresak data jakin batean bidali behar bazuen baina ez bazenuen jaso, preskripzio-epea enpresak produktua bidali behar zuen unetik hasten da.

Zer erreklamatu dezaket?

Pandemiaren ondorioekin zerikusia duten eta preskribatu aurretik erreklamatu ditzakezun hainbat egoera komun daude:

  • Hegaldia bertan behera gelditzea: Airelineak behartuta daude itzulketa edo alternatibak eskaintzera hegaldi bat gauzatu ez bada.
  • Entregatu gabeko produktuak: Erosketa bat online egin baduzu eta produktua inoiz jaso ez baduzu, oraindik dirua itzultzeko eska dezakezu.
  • Eman gabeko zerbitzuak: Ezeztatu ziren eta behar bezala kudeatu ez ziren hotelen, jardueren edo ekitaldien erreserbak.
  • Abonuak edo kuotak: Adibidez, konfinamenduan zehar itxitako gimnasio edo akademietako kuotak, nolabait konpentsatzen ez badira.

Zer urrats eman behar ditut?

Erreklamazio bat egiteke duzula uste baduzu, hauek dira beranduegi izan baino lehen jarraitu beharreko oinarrizko urratsak:

  • Bildu dokumentazioa: gorde fakturak, ordainagiriak, emailak edo zure erreklamazioa sendotu ahal duen edozein froga.
  • Harremanetan jarri enpresarekin: Urteak igaro badira ere, saiatu lehendabizi enpresarekin zuzenean harremanetan jartzen, arazoa adiskidetasunez konpontzeko.
  • Erreklamazio formal bat aurkeztu: Enpresak ez badu erantzuten edo arazoa konpontzeari uko egiten badio, erreklamazio formal bat aurkez dezakezu EKA/ACUV belako kontsumo-erakunde baten.
  • Kontsulta ezazu aditu batekin: Erantzunik jasotzen ez baduzu edo epea amaitzear badago, EKA/ACUVek aholkularitza eskaintzen dizu zure kasua aztertzeko eta, behar izanez gero, prozesu jdizial bat aurrera eramateko.

EKA/ACUVetik gogorarazi nahi dugu, urteak igaro badira ere, kontsumitzaile gisa dituzun eskubideak ez direla desagertzen. Erreklamatu ezazu berandu izan baino lehen.

Zure kasuari buruzko zalantzarik baduzu, jar zaitez harremanetan gure taldearekin zure egoera aztertzeko eta zure eskubideak defendatzen laguntzeko!

Partekatzea bizitzea da