Testamentu digitala: zer da, zergatik egin behar da eta nola eragiten die kontsumitzaileei

Eka 11, 2025 | Blog - EU

Gaur egun guztiz konektatuta bizi gara. Online erosten dugu, sare sozialetan partekatzen dugu, eguneroko tramite asko plataforma digitalen bidez egiten ditugu eta informazio sentikorra “hodeian” gordetzen dugu. Baina, zer gertatzen da datu hauekin hiltzen garenean?

2025ean testamentu digital bat egitea ez da soilik gomendagarria: gero eta beharrezkoagoa da. Horregatik, EKA/ACUVtik gai honi buruz pixka bat hitz egin nahi dugu.

Zer da zehazki testamentu digital bat?

Kode Zibilak kategoria propio gisa jasotzen ez badu ere, testamentu digitala klausula espezifiko gisa txertatu ohi da, bai testamentu “arrunt” baten barruan (irekia, itxia edo olografoa), bai testamentu “berezi” baten barruan (itsasoan edo atzerrian egiten direnak, adibidez). Helburua: heriotzaren ondoren gure arrasto digitalarekin zer egin behar den zehaztea.

Honen barruan sartzen dira sare sozialetako edo ordainketa-plataformetako gure kontuak, posta elektronikoak, online harpidetzak edo hainbat zerbitzutara sartzeko gakoak.

Zer sar daiteke testamentu digitalean?

Ondare digitaltzat jotzen da gure nortasun digitalaren parte diren elementu guztiak, hala nola:

  • Sare sozialetako kontuak (adibidez, Instagram, Facebook edo TikTok).
  • Ordainketa-plataformak eta online zerbitzuak (adibidez, Bizum edo Paypal).
  • Posta elektronikoak, webguneak, blogak edo domeinu mota oro (adibidez, Gmail edo Outlook kontuak).
  • Argazkiak, bideoak edo hodeian dauden artxiboak (adibidez, Google Photos, Google Drive edo Microsoft One Drive).
  • Harpidetza digitalak (adibidez, Netflix edo Amazon Prime).
  • Pasahitzak eta sartzeko gakoak (adibidez, online bankuko pasahitzak).

Testamentuak aukera ematen du aztarna digital hori mantendu, ezabatu edo norbaiti kudeatzeko eskumena emateko, zure nahien arabera.

Zergatik da garrantzitsua idatzita uztea?

Hiru arrazoi nagusigatik:

  • Familia eta lege gatazkak saihesten ditu: testamentu digital argi batek oinordekoei izapide konplexuak eta desadostasunak aurrezten dizkie.
  • Zure borondatea errespetatzen du: zure profilen, datuen edo edukien kudeaketa zuk erabakitakoa izatea bermatzen du.
  • Izapideak errazten ditu: aurretik horrelako xedapenik ez badago, plataformek zailtasunak jarri ahal dituzte sarbidea emateko edo edukiak ezabatzeko.

Babes juridikoa al du?

Bai. 3/2018 Datu Pertsonalen Babeserako eta Eskubide Digitalen Bermerako Lege Organikoak eskubide hau berariaz aitortzen du. Horren bidez, pertsona hildakoak bere bizitza digitalean nor sartuko den eta zer egiteko baimena izango duen erabaki dezake bizirik dagoenean.

Nola egiten da testamentu digital bat?

Edozein pertsona fisikok eska dezake testamentu digitala egitea, betiere notarioaren aurrean. Horretarako, Interneteko jarduerarekin zerikusia duen informazio guztia bildu behar da: erabiltzaileen izenak, pasahitzak, sare sozialetako kontuak, plataformetan izena emanda egotearen froga, eta abar.

Informazio hori bilduta, dokumentu batean zehazten da ondare digitalarekin zer egin nahi den: ezabatu, mantendu edo beste norbaiti transferitu. Horrez gain, pertsona bat izendatzen da –albazea digitala– kasu bakoitzean jarraibide hauek betearazteko; oinordekoetako bat ere izan daiteke. Azkenik, notarioak agiria berrikusi eta sinatuko du, legezko balioa izan dezan.

Eta ez badugu testamentu digitalik utzi?

Aurretiazko baimenik gabe, oinordekoek zailtasun handiak izango dituzte. Plataforma batzuek sarbidea ukatu dezakete epaile-agindu bat aurkeztu ezean.

Horregatik, gomendagarria da bizirik gaudela hori guztia arautzea, are gehiago gure nortasun digitala eguneroko bizitzaren parte bihurtu den testuinguru honetan.

Eguneratu al daiteke?

Bai, baina beste edozein testamenturekin gertatzen den bezala, ezin da atal bakarra aldatu. Testamentu berria egin behar da aurrekoa indargabetuz.

Gizartea prest dago?

Interesa handitzen ari da, eta gero eta ohikoagoa da notariotzetan aztarna digitalaren inguruko klausulak jasotzen dituzten testamentuak ikustea. Hala ere, oraindik ere gai ezezaguna da jendartearen zati handi batentzat, eta jende askok ez du jabetzarik bere ondare digitalaren balioaz —eta horrek sor ditzakeen arazo potentzialez—.

EKA/ACUVtik urteak daramatzagu gure bizitza digitala babestearen garrantziaz ohartarazten, kontsumoaren ikuspegitik ere. Zeren eta, aro digitalean, kontsumoak aztarna uzten du, eta aztarna hori ere kudeatu beharra dugu.

Partekatzea bizitzea da