Testamentuaren Tramitazioa: zure bankuak kobratzen dizun komisio ilegala
Testamentuaren Tramitazioa: zure bankuak kobratzen dizun komisio ilegala
Azkenaldian, EKAn gero eta gehiago errepikatzen ari den arazo bat antzeman dugu, testamentuak izapidetzen ari diren bitartean pertsona askori eragiten diena. Izan ere, bankuak, oinordekoen kalteberatasun-egoera aprobetxatuz, abusuzko komisioak kobratzen ari dira ematen ari ez diren zerbitzuengatik. Jarraian, gako guztiak azaltzen dizkizugu.
Zer gertatzen ari da zehazki?
Imajina ezazu une batez: maite duzun pertsona bat galdu berri duzu, eta, dueluaren erdian, bere testamentua izapidetzeko ardura duzu. Honetarako, profesional baten babesa bilatzen duzu, eta notarioarengana zoaz. Notarioa arduratzen da ondasunak banatzeko eta herentziaren partaidetza sortzeko prozesu guztia gauzatzeaz, ezinbesteko zerbitzu bat esakiniz.
Hala ere, dokumentu hori lortu ondoren, beste oztopo bati egin beharko diozu aurre, zure bankura joatean, jarauntsitako zenbatekoa kentzeko. Harrigarria bada ere, bankuak beste zenbateko bat kobratuko dizu kudeaketa hori egiteagatik, ustezko zerbitzu bat eman izanaren aitzakiarekin.
Zein da abusuzko praktika?
Kezkagarriena da, egia esan, “zerbitzu” hori ez zuela inoiz finantza-erakundeak eskaini, notarioak baizik. Orduan, zergatik kobratzen da aparteko tarifa bat bankuak egin ez duen zerbaitengatik? Abusuzko praktika horrek, beharrezkoa ez den zerbitzu batez mozorrotuta, 80 eta 120 euro bitarteko fakturak dakartza, BEZa kontuan hartu gabe.
Garrantzitsua da aipatzea bankuen kobratze gehigarri hau kontsumitzaileen oinarrizko eskubideen aurka doala. Indarrean dagoen araudiaren arabera, finantza-erakundeek ez dute justifikaziorik eman ez duten zerbitzu batengatik kobratzeko, batez ere zerbitzu hori kanpoko profesional batek egin duenean.
Legea argia da: bankuak ez digu zerbitzu hau kobratu behar
Legeari erreparatuz, diagnostikatu dezakegu erakundeak komisio hau kobratu ahal izango duela jaraunsleak funts horiek eskuratzeko beharrezko dokumentazioari edo izapideei buruz orientatzen dituenean. Horretarako, beharrezkoa izango da jaraunsleei aldez aurretik erakundeak kobratu beharreko komisioaren berri ematea eta zerbitzu hau onartzea. Hori bai, komisioa espedientea amaitutakoan bakarrik kobratu ahal izango da.
Kasu askotan, ordea, oinordekoek berek eskatzen dute beharrezko dokumentazioa, haien kontura edo kanpoko profesionalez baliatuz, hala nola notarioez, abokatuez edo gestoriez. Horrela, behin aurkeztuz gero, erakundeak bere eskubideak baliatzeko legitimatzen dituen egiaztapen hutsa baino ez du egiten. Egiaztapen hori egin ondoren, gainera, jaraunsleek funtsak (transferentzia, eskudirua, txekea, etab.) erabiltzeko doako modu bat eman behar dute gutxienez.
Espainiako Bankuaren arabera, egiaztapen hori (askiestea) erakundeak bere ardura-betebeharrean egiten duen jarduera bat da, eta, berez, ez dakar bezeroei banku-zerbitzurik ematea. Ondorioz, komisioa kobratzea ez legoke justifikatuta.
Zer egin behar dut egoera honen aurrean?
Edonori gertatu ahal zaion zerbait da. Horregatik, egunen batean egoera hau identifikatzen baduzu, honako urrats hauek jarraitu beharko dituzu:
1- Kontsultatu profesional batekin
Edozein izapide egin aurretik, ziurtatu konfiantzazko notario edo abokatu baten laguntza duzula.
2- Komisioak berrikusi
Aztertu zehatz-mehatz finantza-erakundeak kobratu nahi dizkizun komisioak eta galdetu kontzeptu bakoitzari buruz.
3- Informazioa idatziz eskatu
Eskatu idatziz informazioa ematen ari diren komisioei eta zerbitzuei buruz.
3- Irregulartasunak salatu
Benetan abusuzko praktika baten biktima zarela identifikatzen baduzu, ez izan zalantzarik eta salatu.
Honelako gertakarien aurrean, funtsezkoa da tresnak eta ezagutza izatea. Horregatik, EKAtik gako guztiak ematen jarraituko dugu, horrelako egoerak gertatzen direnean, nola jokatu eta kontsumitzaile gisa dituzun eskubideak zein diren jakin dezazun.