Gaur egungo Kontsumo gizartean, non erosteko uneak geroz eta gehiago diren (Black Friday, Cyber Monday, Halloween…), urtarrileko ohiko merkealdiak jatorrizko distira galtzen ari dira. Gainera, egoera berri honi online merkataritzak azken hamarkadan izan duen gorakada gehitu behar diogu; izan ere, badirudi sarean beherapenek ez dutela amaiera ezta data zehatzik. Honela, ondorioztatu dezakegu geroz eta zailagoa dela bereiztea zerk egiten dituen berezi urtarrileko merkealdiak. Hala ere, gure gizartean duen erakargarritasunak bere horretan dirau. Izan ere, duela gutxi egindako ikerketa baten arabera, urtarrileko beherapenek 170.000 kontratu baino gehiago sortuko dituzte Espainia mailan (%19,8ko igoera), eta honek erakusten du oraindik ere bultzada handia izaten jarraitzen dutela.
Horregatik, EKA/ACUVetik, urtero bezala, aholku praktiko batzuk eskaini nahi dizkizugu merkealdiaz goza dezazun, zure poltsikoak saiakeran sufritu gabe.
Erosi aurretik
- Aztertu zure armairua: Erostera abiatu aurretik, identifikatu benetan zer behar duzun. Horrek, dirua aurrezteaz gain, espazioa eta frustrazioa ere aurreztuko dizkizu.
- Ezarri aurrekontu argi bat: Zehaztu gasta dezakezun gehienezko kopuru bat eta ez gainditu kopuru hori. Beharrezkoa bada, eraman zenbateko hori eskudirutan tentaziorik ez izateko.
- Egin lehentasunen zerrenda bat: “Ezinbestekoak” eta “desioak” ondo banatu. Honek garrantzitsuena dena finkatzen lagunduko dizu eta xahutzea saihestuko du.
- Ikertu etxetik irten aurretik: Merkealdira joan aurretik, egin etxeko lanak: alderatu online eta denda fisikoetan dauden prezioak. Merkealdiak ez dira beti beherapen handienen sinonimo izaten; produktu asko merke egon daitezke urteko beste garai batzuetan.
Erosketak egin bitartean
- Ez ibili presaka: “Azken unitateak” dioen kartel bat ikusten baduzu ere, hausnartu erosi aurretik. Erosketa oldarkorrak damuaren ataria izaten dira.
- Prezioetan argitasuna eskatu: Gogoratu dendek aurreko prezioa eta prezio beheratua erakutsi behar dituztela. Hala ez bada, araudia urratzen ari dira.
- Kalitatea kantitatearen aurrean jarri: Kalitate zalantzagarriko hainbat jantzi edo produktu erosi beharrean, produktu hobeen aldeko apustua egin. Ildo honetan, gogoratu tokiko merkataritzan erostea gomendagarria dela.
- Saihestu jendetza dagoen momentua: Denda fisikoan erosten baduzu, aukeratu jende gutxiago dabilen ordutegia, ilarak eta pilaketak saihesteko. Esperientzia lasaiagoa izango duzu eta hobeto erabaki ahal izango duzu.
- Itzulketen politika kontsultatu: Merkealdian erosten ari bazara ere, kontsumitzaile gisa dituzun eskubideak mantendu egiten dira. Eskatu tiketa eta ziurtatu aldaketa edo itzulketa baldintzak ezagutzen dituzula.
Erosi ondoren
- Aztertu zure erosketak etxera iristean: Egiaztatu erosi duzuna egoera onean dagoela, zerbait itzuli behar izatekotan, azkar eta itzulketa-epearen barruan jardun ahal izateko.
- Antolatu zure erosketak: Sartu erosketa berriak zure armairuan eta kendu jada erabiltzen ez duzuna. Ezagunen bati edo elakrte bati ematea aukera ona izan daiteke, baita birziklatzea ere.
- Zure erosketei buruz hausnarketa egin: Hausnartu benetan behar ote zenuena erosi duzun ala ez. Ariketa erraz honek etorkizuneko merkealdietan hobetzen lagunduko dizu.
- Aprobetxatu fidelizazio-abantailak: denda askok deskontu gehigarriak edo puntuak eskaintzen dituzte etorkizuneko erosketengatik. Eskaintzen dituzten establezimenduetan erosi baduzu, erabili eta aurrestu egingo duzu.
Urtarrileko merkealdia aukera bikaina da benetan prezio hobean behar ditugun produktuak erosteko, baina gehiegizko kontsumorako tranpa ere izan daiteke. EKA/ACUVetik data hauei buru eta konpromisoz aurre egitera animatzen zaitugu, erosketa bakoitza zure ekonomia pertsonalean zein planetan eragina duen aukera bat dela gogoraraziz.