Badakigu Gabonak aldamenean direla eta, jadanik, pertsona askok prest dituztela erosketak; baina egia da, baita ere, beste askok egun seinalatu hauen prestaketekin daudela oraindik. Ez gaitezen engaina, askotan gauza hauek azken ordurako uzten ditugu. EKA/ACUVetik hau badakigu, eta honen ondorioz gomendio batzuk partekatu nahi ditugu zurekin, Kontsumoarekin eta Gabonekin zerikusia duen guztirako prest egon zaitezan.
Gabonetako opariekin asmatzeko aholkuak
EKA/ACUVetik beti azpimarratzen dugun bezala, gogoratu oparitzea eta xahutzea ez dela gauza berdina. Hona hemen gai honi buruzko zenbait aholku:
- Ezarri aurrekontu bat: Erabaki zenbat gastatuko duzun, eta mugatu kopuru horretara, erosketa oldarkorrak saihesteko.
- Egin aurretiko zerrenda bat: Pentsatu ondo zer oparitu eta nori. Inprobisatzeak, askotan, beharrezkoak ez diren erosketak egitea dakar.
- Alderatu prezioak eta eskaintzak: Erabili online-konparatzaileak bezalako tresnak eta ez fidatu onegiak diruditen beherapenekin.
- Eskatu tiketa edo faktura: Nahitaezkoa da eta aldaketak edo itzulketak egiteko beharko duzu.
- Erosi denbora tarte batekin (ahal izanez gero): Gomendio hau berandu badator ere, gogoratu etorkizunerako erosketak presarekin egitea huts egiteko arriskua areagotzen dutela.
Etxeko txikienentzat:
Badakigu jostailuak beti protagonista naguia direla egun hauetan. Horregatik, ziurta dezagun dibertigarriak izateaz gain, seguruak eta hezitzaileak ere badirela:
- Aukeratu bere adinerako egokiak diren jostailuak. Etiketek zehaztu egin behar dute.
- CE marka bilatu. Europako segurtasun-arauak betetzen dituztela bermatzen du.
- Saihestu jostailu sexistak edo estereotipoak sustatzen dituztenak. Oparitu berdintasunean.
- Informatu zaitez materialei buruz eta saihestu toxikoak izan daitezkeenak.
- Kontsumo arduratsua sustatu: Jostailu iraunkorrak, bidezko merkataritzakoak edo balioa ematen duten esperientziak oparitu.
Gabonetan janaria erosteko aholkuak
Gabonetako afariak eta bazkariak izaten dira egun hauetako gastu handienetako bat. Hona hemen modu arduratsuan erosteko eta alferrik ez galtzeko jarraibide batzuk:
- Planifikatu menua aldez aurretik: Zehaztu zenbat pertsona izango zareten eta zer prestatuko duzuen. Gehiegizko erosketak eta xahutzeak saihestuko dituzu.
- Sasoiko eta hurbileko produktuak erosi: Iraunkorragoak eta freskoagoak dira, eta, gainera, tokiko ekonomiari laguntzen diozu.
- Kontuz Gabonetako marketinarekin: Aurkezpenak ez du ia inoiz prezio altua justifikatzen. Alderatu kalitatea eta prezioak.
- Izoztu gainerakoa: Jatekorik sobratzen bada, izoztu aurrerago aprobetxatzeko.
Gabonetako loteria: ez utzi zure eskubideak zoriari
Gabonetako Loteriaren ilusioa tradizio bat da egun hauetan, baina ez ditugu ahaztu behar funtsezko alderdi batzuk:
- Gorde dezimoa leku seguru batean: sari bat erreklamatzeko balio duen egiaztagiri bakarra da. Galtzen baduzu, zaila izango da zurea dela frogatzea.
- Partekatu modu arduratsuan: Taldean jokatzen baduzu, egin dezimoaren fotokopiak edo argazkiak, eta adierazi nork eta zein ehunekotan parte hartzen duten. Mugikorreko argazki soil batek arazo asko saihets ditzake.
- Egiaztatu dezimoaren egoera: Ziurtatu ez dagoela ez hautsita ez kaltetuta. Zalantzarik izanez gero, jo loteria-administrazio batera.
- Sari bat tokatzen bazaizu: Gogoratu 40.000€-tik gorako sariek %20ko atxikipena dutela zergetan.
- Kontuz online iruzurrekin: Toki ofizialetan edo aitortutako administrazioetan erosi beti. Ez fidatu fidagarriak ez diren webguneekin eta eskaintza susmagarriekin.
EKA/ACUVetik gogorarazten dizugu jai hauetaz gozatzeko gakoa arduraz eta plangintzarekin jokatzea dela. Oparitu buruarekin, erosi bidezkoa eta beharrezkoa dena eta, batez ere, egin kontzienteki. Jai zoriontsuak izan!